miércoles 11 de noviembre de 2009

Hogei urte beranduago...

20 urte harresia erori zenetik. Erori edo bota… Egon, egon, berriz noa.

20 urte harresia bota zutenetik, ekialdeko Europako lurraldeetako biztanleak preso zituen sistema diktatorial, polizial eta kontrolatzailea bere inkonpetentzia hutsagatik erori zenetik, demokrazia kapitalisten bizi mailak eta askatasun pertsonalek liluratutako masa gosetiek azkenean argia ikusi ahal izan zutenetik. AED-ko armarriko mailua herriaren eskuetan komunismo zapaltzailearen hoztasun eta zurruntasunaren metafora perfektua zen ormigoizko harresia birrintzen, ez ezerk ez inork gelditzerik izan ez zituen aldaketaren haizeek sistema jasangaitz haren arrasto denak zeramatzaten artean, Berlingo gauaren hotzean. Askatasunaren eguna, herriaren borondatearen eguna.

Kontziente naiz nilako 21 urteko gazte mendebaldar batek, sistema demokratiko eta kapitalista batean jaio, hazi eta hezia izaki, ezin dituela inondik inora ere susmatu erregimen haiek beren herriei pairarazten zizkietenak. Ezin irudika dezaket adibidez 70 biztanletarik bat zerbitzu sekretuentzat lanean ari zen Alemaniako Errepublika Demokratiko hartan lor zitekeen anonimotasuna eta intimitatea, 100 biztanletik 90 bat beren bizitzaren nondik norako denak, eta ingurukoenak ere bai gehiegitan, inolako aginduren beharrik gabe interneten publikatzen dituen gizartean bizita. Zer da bada STASI FACEBOOK edo TUENTIrekin alderatuta…

Ezin irudika dezaket halaber zer den etxebizitza bat prezio oso duin batean erosteko 7 urteko itxaronaldiak igaro behar izatea, edo bi martxako auto zaztar bat erosteko 2 urte zain ematea, etxebizitza eskubidea pribilegio eta luxu bihurtu den gizartean, seme alabek ordaindu beharko dituzten hipoteketan sartzera behartutako familien gizartean, gobernuak 35 metro karratuko etxebizitzak proposatzen dituen estatuan. Zer da ba zazpi urteko itxaronaldia, 50 urteko hipotekarekin alderatuta…

Ezin irudika dezaket emakumeen %92ak lanpostu ordaindu bat zuen gizartea, luxu hori emakumeen %54,7k baino ez duten estatu honetatik. Ezin irudika dezaket 1956an 42 orduko lan astea gehiegizkotzat zuen sistema bat, 65 orduko lan astea indarrean jartzea planteatu duen Europar Batasunetik. Baina beno, orokorrean eguraldi hobea egiten du hemen sikiera… Ez?

Herriak mailuak hartu zituen eskutan bai, eta edozer edonoiz eta kasik edonola lortzea ahalbidetzen zuen sistema beren aburuz justuago hartara egin zuen ihes, prekarietatea eta beharrezko zenbait produkturen falta bestaldeko sistema kapitalistak eragiten zizkiela pentsatu ere egin gabe. Nola irabaz lezake karrera armamentistiko bat herritarren arteko berdintasuna bermatzea xede ei duen sistema batek, elitearen aberastea eta ez beste ezer kontuan hartzen duen sistema baten aurrean?

Behar bada hartaz ohartu direlako botako dute faltan sistema diktatorial hura ekialdeko Alemaniako biztanleen %52ak, kontatu zizkieten larroxa koloreko ametsak pobreziazko amesgaizto bihurtu zaizkiela ohartu direlako egongo dira Alemania osoko mugimendu neonazien %80a ekialdeko Alemanian. Eta mota honetako estatistikekin jarrai nezake aspertu arte.

Zein da orduan kontua? Betaurrekodun hark bibotedun haren aurka galdu izana moskva alboko harresi gorri haien bestaldean, horixe da kontua…

sábado 8 de agosto de 2009

New York

Handia da hura, Zarauztar izatea uka ezin dezakeen, eta nahi ere ez duen, Bilboko gogoz kontrako biztanle batentzat. Handia zitzaidan Bilbo, hor zeharko hiritzarrekin alderatuta txikia zela jakin banekien arren. Zarauztarra naiz. Eta New York zen hura.

Egunez beroa, hezetasuna, jendea, kotxeak, taxiak, jendea, lepoa neurrigabe okertzera behartzen zaituzten eraikinak, suhiltzaileen sirenak eta bozinak, GTAko anbulantziak, taxiak… Gauez argiak, hezetasuna, jendea, kotxeak, taxiak, lehengo eraikin berak, taxiak, argiak, orotariko sirenak…

Kristal, metal eta adreiluzko ur jauzi erraldoiak, jende anabasa mugimenduz basatian erortzen, ormigoizko espaloi zikinetan, ur jauzi arteko hondo beltza ia ikusezin bihurtzen duen korronte batez ere horiak bere martxa darraien artean. Eta barra gorriak hondo zurian, eta izar zuriak hondo urdinean, eta barra zuriak ondo gorrian, eta izar zuri gehiago hondo urdinean… Abertzaletasun gehiegizkoa, sasi abertzaletasun komertziala, gehiegitan zentzugabea, barrok eta izarrok irudikatzen ei zuten espiritua sinbolo berberei goratzarre eginaz gutxiesten eta are deuseztatzen dituen estatu baten pean.

Hiriko 4 milioi eta erdi biztanleen artean zenbatek gogora ote ditzake Benjamin Franklin, Ameriketako Estatu Batuen fundatzaileetako baten hitzak: “Those who would give up essential liberty to purchase a little temporary safety, deserve neither liberty nor safety” Gaur, gobernuak legalki inolako frogarik gabe atxilotu eta inkomunika zaitzakeen lurraldean, gobernuak zure dei denak entzun eta graba ditzakeen lurraldean, segurtasun nazionalaren izenean zu bertan egon gabe ere gobernuak zure etxea inolako baimen judizialen beharrik gabe legalki mia dezakeen lurraldean, Franklinen aurpegia azaltzen da 100$eko bileteetan. Zer da ba patua apetatsua…

Baina hirira itzuliaz, New York, ezer bada, jendea da. Arraza guztietako jendea mugitzen da etengabe bazter guztietan, milaka izaera, milaka janzkera, orrazkera eta hizkuntza ezberdinen erakusleiho dinamiko bezain anitza sortuaz. Anitza, ez bai da gauza bera Times Square-en peatonalizatu berri duten Broadway zatian edo chinatown bete betean edo Harlemen edo Wall Streeten…

Wall Street. Goiz joan nintzen. Trajez jantzita eta gorbatak erdi itota, presaka, maletina eskuan ikusi nahi nituen. Denak alkandora zuria jantzita zihoazen baina, maletinaren ordez motxila bizkarrean hartuta gehienak, kaleko edozein postutxotan kafearen imitazio merke bat kartoizko basoan eta jateko zerbait erosten asko, presakaxeago besteak. Uda izango da. Oinezkoentzako jarrita daude inguruko kale denak, eta burtsa bera dagoen eraikinak kale erdia baino gehiago okupatzen duen segurtasun eremu bat du inguruan, bi sarrerarekin. Sarrera bakoitzean bi edo hiru segurata, uniformatuak noski, sartu nahi zuten guztien motxilak eta maletinak miatzen, metal detektagailuak, eta gainerako parafernalia paranoizatzaile guztia. Fatxadan, nola ez, telebistan guztiok ikusi ahal izan dugun banderatzar erraldoia, eta beste txikiago batzuk ere bai. Barrak eta izarrak, barrak eta izarrak, barratzarrak eta izartzarrak! Baina ez ninduen horrek bakarrik harritu. Kuriosoa zera izan zen, burtsako eraikinaren kalearen bestaldean, 10 bat metrotara alegia, E.E.B.B.-etako lehen kapitolioa izan zena dagoela, E.E.B.B.-etako lehen presidenteak zin egin zuen lekua, egun Federal Hall National Memorial izena duena, baina bat ere bandera amerikarrik gabe eta inolako segurtasunik gabe. Botere erreala, banderan bildua, eta botere sinbolikoa, kalearen bestaldean.

Lehengora itzuliaz, horren da anitza hiria, ezen zenbait puntutan, hiri erreal batean baino parke tematiko batean zaudelako inpresioa eman diezazukeela. Italiar jatorria duen biztanleria gutxiengoa den arren, Little Itallyko kaleak Italiako banderaren koloreko halako apaingarri moduko batzuez beteta daude , Napoli, Amici, Roma eta halako izenak dituzten jatetxe italiarrez lepo, azken aldian Chinatown kaleak jaten ari bazaio ere.

Chinatownen egia da biztanleriaren gehiengoa dela txinatar jatorrikoa. Kartel gehienak, denak ez esatearren, neoizko hizki txinatarrez idatzirik daude, eta denden erakusleihoetan apaingarri txinatarrak aurki daitezke, dragoiak…

Israelera ere egin zenezake salto, munduko judutar komunitate “hasidiko” handienaren bizileku den auzoa bisitatuaz. Brooklynen, Williamsburg hegoaldean, Division Avenuetik bera, gizonezkoek bizarra eta txirikordak utzi eta XIX. mendeko poloniar nobleenen imitazioa ei diren arropak jantzi behar dituzte (judu ortodoxoen arropa beltz horiek, bonbin eta guzti). Emakumeek gurasoek agindutakoarekin ezkondu behar dute, judu “hasidiko” komunitate berekoa izan behar bai du senarrak, eta ezkondu ostean ilea moztu behar dute, burua soildu, eta handik aurrera pelukak eta txapelak jantzi. Gizonezkoek ezin ditzakete besteren emazteak ukitu ere egin. Literalki, ukitu ere ez. Eta Sabathean inork ezin dezake lanik egin. Mingarria izan zen amak eskutik helduta presaka zeraman bospasei urteko neska-mutil parea modu artan jantzita ikustea…

Edo banden arteko gerretan giroturiko pelikula batean senti zintezke Bronx-en, banda ezberdinen grafitiz beteriko etxe erreen artean tirantezko kamiseta zuria sorbaldan hartuta haratona dabiltzan beltzei edo hegoamerikarrei begira.


Orain hemendik, Zarauztik, begiak itxi eta hara begiratzen jartzen naizenean, halako bizitasun kutsu batez, ongi sentiarazten nauen halo moduko batez inguraturik oroitzen dut dena, eta guzti hura berriz ere bizitzeko grinak betetzen dizkit zainak. Baina ezin egin dezaket amestu besterik.Amestu, Sinatrak zioen bezala, beste behin ere esna nintekeela sekula lorik egiten ez duen hirian.


P.D: Ez zegoen inor Broadway eta 26 karrikaren kantoian…

domingo 31 de mayo de 2009

6,5,7 edo ordenaren alderantzizketa

Edo argindarraren zera, indarra edo argia, edo zera... Joan, nonbaita, han baita, zera, dena den hura, argindarra, edo indarra, edo argia, edo zerbait. Bai.

Ba omen giaztekela ta...

Ta latza ek.

viernes 22 de mayo de 2009

Pipa baino purua hobe

Bi, hor nonbaiteko museoren batean, margolan bati beha:

-“Ceci n’est pas une pipe”…
-Sinplea, baina aldi berean badik zerbait…
-Ba nik ez diat harrapatzen, hi.
-Brilo horiek, formen sinpletasun hori…
-Ba nik ez diat harrapatzen, benetan. Pipa puta bat, sin más margotua gainera, eta azpian pipa ez dela jarrita… Ze hori jartzen dik ezta?

Luzea da galeria, marmolezkoa zorua, eta kristal ilunduzkoa beste aldeko horma. Kristaleran barrena sartzen da gela argiztatzen duen argi naturala. Bietako batek bere bibote hiletsuaren ertza kiribiltzen du, pentsakor. Besteak ez du biboterik.

-Goazemak beste galeriaren batera, hau ikusten geratzea baino hobe izango diagu eta.
-Ez duk margolariak margolanari emandako sakontasun pertsonala aintzat hartzen motel. Hitz horiek pipa ez den pipa horren azpian izan zezaketean esanahiaren sakontasuna ahanzten duk, margoaz haragoko dena arbuiatuz.
-Hi, serio ari al haiz?
-En fin…
-Ez ez, serio ari al haiz? Ze potrotaraino nagok honezkero hire oilarkeriez e! Gure sasijakintsu jauna, beti dena dakiala besteoi, ezjakin koitaduoi, aurpegiratzen…
-Goazemak beste galeriaren batera hala nahi baduk, lasai.
-Eske la ostia hi, joder.

Galeriatik irten dira, eskailera zuri zabal batzuetan barrena jaitsi dira, isilik, elkarri begiratu ere egin gabe. Burumakur bata, bestea inguruan dituen margolan denei begira, bibotearen ertza kiribilduz.

-Galdetu al diok azkenean?
-Ez, oraindik ez. Ez diat egoera behartu nahi, naturala izatea nahi diat.

Bibotea utzi eta puru parea atera du jaka marroiaren poltsikotik.

-Hartzak bat.

viernes 8 de mayo de 2009

F.J.L.,herriak, hiritargoak eta asaba gomatuak...

Gaur arratsaldean, aukeran gehiegitan ohi dudan eran, sofan botata nengoen, gitarra esku artean, telebistari begira. Pásalo, etb2. “Representante ordinario del estado en el territorio de la Comunidad Autónoma del País Vasco Señor Francisco Javier Lopez”-en zin egiteaz eta bere gobernuak hartuko dituen edo ez dituen neurriez ari ziren.

Duela 70 urte baino gehiago, 1937ko apirilak 26an, Alemaniako Kondor eskuadroiak, Francisco Franco de Bahamonte (izen osoa jarri beharko banu interneten begiratu beharko nuke) Espainiar Armadako jeneralari Euskadi hartzea ahalbidetzeko laguntza gisa, Gernikako herria bonbardatu zuen. Azoka eguna zen eta jendez lepo zegoen herria. Etxe bakanen batzuk baino ez zioten eutsi bonbardaketari. Errepidean zehar, zelaietan zehar, ahal zen lekutik herritik ihes egiten saiatu zirenak puntu estrategikoetan kokaturiko metrailadore postuek eta hegazkinek berek erail zituzten. Metrailaz josiriko gorpu hilak errepide ertzetan eta zelaietan eta herria zeharo suntsitua, milaka gorpu hautsi harri artean ezkutatuaz. Arbola, zutik.

Bertan egin du zin gaur Francisco Javier Lopez jaunak, eta hartaz ari ziren Pásalo saioan. Betiko “yo soy tan vasco como tú” edo “hasta ahora ha habido ciudadanos de primera y de segunda en Euskadi” bezalakoak botatzen zituzten batzuek, “Este gobierno no representa la realidad sociopolítica de Euskadi” edo “es el resultado de una estrategia que viene de muy lejos y la ley de partidos no es más que una herramienta de esa estrategia” besteak. Espero zitekeena alegia.

“Jaungoikoaren aurrean apalik, euzko lur gañian zutunik, asabearen gomutaz, Gernikako zuaizpian, nere aginduba ondo betetzia, zin dagit”. 1936ko Agirre lehendakariaren zin egitea.

Eta debatean, abertzale zen batek zioen “Patxi Lopezek” nahita ez duela esan “representantes el pueblo vasco”, eta “ciudadanía vasca” erabili duela haren ordez. Lehoiek gazelaren lepora bezala egin diote salto beste pare bat baino gehiagok. Ea zertan datzan “Pueblo vasco” eta “ciudadanía vasca” terminoen arteko ezberdintasunak galdetu diote, haserre aurpegia jarri nahian, etsaiak bere burua bota duelako irudikapenak eragindako barre txikia ia ezkutatu ezinik.

Gaurko bere zinegitean F.J.L.-k egin dituen berrikuntzen artean gehien harritu nauena ordea zinegitean bertan gorpuak goma bihurtzearekin zerikusia duen zerbaiten aipamena izan da, “asaben gomatuz” edo halako zerbait…

Txipreko irla bitan zatituta dago aspalditik. Irlako biztanleen gehiengoak greziartzat zuen bere burua, gutxiengo batek turkiartzat. Tentsio askoren ostean, turkiako armadak irlaren iparraldea hartu zuen. Iparraldeko txipretarrek hegoaldera egin zuten ihes, utzi egin zitzaien. Gero, muga hesitu zen, kontrolez josi zen, zeharkaezin bihurtu zuten. Eta turkiarrak ekarri zituzten irlaren iparraldean bizitzera, hegoaldean zeuden errefuxiatuen etxeak kolono turkiarrei salduaz, benetako jabeei ezer galdetu gabe. Orain irlaren iparraldea turkiarra da. Bertako agintariek Ipar Txipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuten 1983an. Turkiarrez egiten da hitz, turkiar sentitzen dira bertako biztanleak, eta gehiengoaren erlijioa islama da. Noski, turkiarrok irlaren hegoaldeko txipretarrak bezain txipretar sentitzen dira. Txipre da beren etxea, bere sorlekua kasu askotan, beren aberria, baina txipretar bezain turkiar sentitzen dira. Egun batetik bestera, bat-batean, Turkiako eta Txipreko gobernuek irla berriz ere bateratzea erabakiko balute, mundu osoan inork izango al luke potrorik “ciudadanía chipriota” eta “pueblo chipriota” gauza bera direla esateko? Txipreko hiritargoa bi herri ezberdinek osatzen dutela ukatzeko?

Ez dut uste gutxiengo turkiarrak irlan boterea hartuko balu, Turkiako estatuaren laguntza logistiko zein juridikoarekin egin ere, gobernu hori mendebaldeko estatuetariko batek ere legitimotzat hartuko lukeenik.

Ba horixe…

domingo 3 de mayo de 2009

Loti ederretan

Lo zinen, eta, zuk jakin gabe, bizkar gainera igo natzaizu, senti ezin nindukezun moduan. Ni izan naiz orduan loaren deiari men egin eta, gorputz fisiko hau arbuiatuta, banintz litzatekeena den fantasia mugagabearen erreinura astiro, lasai, euri tanta gozo baten moduan, erori dena. Orain ez naiz lo, ez hala esna ere, inolaz. Erdaraz norabidetzat darabilgun “sentido” hitza zentzutzat itzultzerik banu zentzugabeko errepide bihurrian zialdoka nenbilke; axolagabe, begiak erdi itxita, amaituaren amaiezintasunak puztuta.

Sabaiko bi argizuloetatik sartzen den ilargi-argi urria gelako sei hormak estaltzen dituzten belusezko oihal gorrietan islatzen da, eta errubizkoa dirudizu. Ezin entzun dezaket itsaslabar garaiaren kontra jotzen duten uhinen hots bortitza. Etxe hau agian ez da itsaslabarrean egongo. Edo neu naiteke itsasoaren joan etorri indarrez beteak entzun nahi ez dituena, zure ametsak uhinon doinuaren menpe eraikitzen diren artean. Litekeena da. Agian Egutxi zen uhinak entzun nahi zituena. Agian sarrerako emakumearen asmakuntza hutsa da uhinen hotsaren kontua. Baina hori da gutxienekoa.

sábado 4 de abril de 2009

puntu beltza

Naun
Zenbaki bat, hutsa
Egia bat, banaunala
Eta beste ehunka zentzugabeko zabor toxina.

Haiz
Hautsontzi bat, karezkoa
Arrazoi bat, hautsezkoa
Eta eguerdi betean ohi dudan itzala

Gaitun
Gintezkeenaren bortxa,
Hitz ezkutatuen lotsa,
Isiltasunaren hotsa,
Ginenaren isla hotza,
Eta puntu beltz bat, mihise zurian.