martes 24 de junio de 2008

Egurrezko deskantsilo zaharrean

Andres, laurogeita piko urteko alarguna, ez da hil, Azpilikueta kaleko 6. ezkaratzeko bigarren eta hirugarren pisuen arteko deskantsilotik gorako laugarren eskilara mailan oina bermatu ordez ,eskilara mailaren ertza ozta ozta laztandu eta, gazte garaiko ezbehar batek betirako okertu zion sudurra, seigarren eskilara mailaren kontra bortizki kolpatu duenean. Gaur euria egin du. Atzo ere bai. Eta baita herenegun ere. Horregatik edo bere zapata marroi ilunen zola bustien erruz egin du irrist. Odola dario, eskilaretan etzanda, gorputz osoa minduta duela, ia mugitu ere egin ezinik, bi eskuak sudurrari eutsika balitu bezala uluaka dabilen gizonari. Ezker esku gorrituak busti du bosgarren maila, Andresen gorputza jaikiarazteko inpultsua lortu nahian zebilela. Hasi da jaikitzen baina, non sentitu duen zehazteko gai ez den min izugarri bat, eztarria urratu dion garrasi latz bat, eta bere burua eskilaren kontra erortzen utzi du. Birritan. Oraingoan gorputz osoa deskantsiloraino irristatu zaio, eskilarak izotzezko pista bat bailiran, esku gorriekin zimurrez eta orbanez eta odolez josiriko aurpegiera zaharra babesten saiatzen den bitartean. Minak soilik eragindako malko artean, oihuka hasi da, inork entzun liezaiokeelako esperantzan. Edo sinesmenean. Edo, sinpleki, norbaitek entzun diezaion nahi duelako. Norbaitek lagun diezaion nahi duelako. Behar duelako.

Gizonaren aieneak, pisutik pisura era zirkularrean goratzen diren eskilaren erdigune hutsean barrena soinuaren abiadan goratzen diren uhinak dira. Ez ezer gehiago. Nahikoa eraikineko edozein bizilagunek entzun, atea ireki, ozenago entzun, entzuten duena bere irudimena ez dela ziurtatu, eta korrika batean laguntzera joan dakion. Hobe du isiltzea, bere burua lasaitze aldera, eraikineko ateetakoren bat irekitzen entzun ahal izateko. Baina ez du ezer entzuten. Eta oihuka jarraitzen du, zeharo urraturiko eztarriak eta tabakoaren kea urte luzez pairatutako birika beltzek isilarazi duten arte. Ekintza alferrikakoa dela ohartuta pentsatzeari ekin dio, bere burua nola lasaitu pentsatzeari, garbi bai dago gehiegi pentsatu arren ez dela gorputz zahar hori bere kabuz mugitzeko gauza izango. Ez du gorputz hori gorpu bihur dadin nahi. Pentsamendu absurduak, ez du horrenbeste odol galdu, eta inor ez galdaka hautsi baten erruz hil. Ez? Zortea izan du, igogailurik gabeko hamar pisuko eraikin batean ez da denbora gehiegi igaroko hirugarren eta laugarren pisuen arteko deskantsilotik norbait pasa arte.

Izokin koloreko marmolezko lurrari, paretei eta sabaiari begira geratu da. Bera jaio zenean, urrezko baranda eder hark apaindutako eskilarak ez ziren marmolezkoak. Esmeraldazkoak, errubizkoak, zafirozkoak ziratekeen, baina ez izokin koloreko marmolezkoak. Hori, inoiz jaio zela onartzen badugu. Eskumuturrean apaingarri gisa darabilen harizko erlojuari begiratu dio, aurreko asteko zortzigarren egunean burdinazko mailu txiki batekin kolpeka izorratu zuela dakien arren. Oroitu egiten da gainera. Baina eskumuturrean apaingarri gisa darabilen harizko erlojuari begiratu eta bi orraztxo zuriak geldirik ikusi dituenean, dezepzionatu egin da. Hala ere, aurreko asteko zortzigarren eguneko arratsaldeko hamabiak direla ikusi du. Izokinek ere odola izango dute. Ziur. Baina nork jakin gorria iza

Zarata! Bederatzigarren pisuko atea ireki da, eta honek sortutako uhinek, Andresen oihuek lehen gorantz eginiko bidea jaitsi dute. Agurearen erantzuna lehengo oihuen errepikapena izan da. Oihuok ez dira ateak ixtean sorturiko zarata estaltzeko gauza izan. Zortea izan du bai, garbi zegoen igogailurik gabeko hamar pisuko eraikin batean ez zela denbora gehiegi igaroko hirugarren eta laugarren pisuen arteko deskantsilotik norbait pasa arte. Nekaturik dago, entzungo zuen, erantzungo zion, baina hartan pentsatu gabe egiten hari zen oihuek ez diote erantzuna entzuten utzi. Bai. Ziur. Isildu eta pausuak entzuten ditu. Arineketan dator, datorrena datorrela. Tak tak tak tak tak tak tak tak. Soinu agudo bat, azkarra, deskantsiloetara heltzean intentsitate gutxiagoz entzuten duena. Eskerrak. Geroz eta ozenago entzun ditzake pausuak. Tak tak tak tak tak. Hemen, hemen. Ez da ia garrasika ere ari, ez da beharrezkoa, bosgarren pisuan edo egongo da honezkero. Tak tak tak tak tak. Bai, une batetik bestera ikusiko du bosgarren eta laugarren pisuen arteko deskantsilotik laugarrenerako eskilarak arineketan jaisten. Bai, oinetako zuri batzuk, fraka urdin batzuk, bakeroak direla ohartu da, narruzko gerriko bat, jertse laranja bat, baina besterik ez. Airea baino ez. Laugarren pisura heldu da, baldin eta izan, bada, eta Andresengana dator, laugarren eta hirugarren pisuen arteko deskantsilora bitarteko eskilarak korrika jaitsiz. Andresek eskua luzatu dio, eskerrik asko korrika jaistearren, ez neraman denbora gehiegi hemen baina. Baina ez da gelditu, eta Andres zegoen lekutik abiada moteldu ere egin gabe igaro da airez betetako arropa mordo antropomorfo korrikalaria. Bi hitz baino ez: “Egizu jauzi!” E! aizu! Baina itxaron! Alferrik. Eskilaretan behera entzuten du orain Korrikalariaren pausu arinen erritmo konstantea. Tak tak tak tak tak tak tak tak. Egizu jauzi… Nondik? Nora? Baina batez ere, nola? Nola egingo du jauzi, den tokitik den tokira dela ere, ia bere burua mugitzeko ere gai ez bada? Gainera, zergatik sinetsi behar dio izakirik gabeko arropa mordo korrikalariari? Badakizu nolakoak diren…

Pasaran, zapaldu egin du Andres. Are gehiago, zeraren zapatila zuriek zeharkatu egin dute Andresen gorputz zaharkitua, gorputz hautsia. Eta ez dio barkamenik ere eskatu. Lotsagarria. Burua lurraren kontra bermatu du. Agian ez du merezi inork inori ezergatik laguntzen ez dion mundu honetan bizitzeak. Gazte garaietan, urrezko baranda hark apainduriko eskilara haiek oraindik esmeraldazkoak, errubizkoak, edota zafirozkoak izan zitezkeenean, denek laguntzen zioten elkarri, denek ezagutzen zuten elkar. Begiak itxi ditu, eta Kontxa ikusi du. Baina ez 78 urterekin zaharraren zaharrez hil zen Kontxa, hogei urte bete berritan lehen aldiz zinera lagundu zion Kontxa baino. Eta ederra zen. Eta ederra da. Eta ederra izango da. Eta gazte izango dira…