Etzaizkit liburu zuriak gustatzen. Nahiago ditut denborak edo aireko zikinkeriak edo batek daki zerk horitutako orri beroagoak, baita, kasu honetan bezala, orriok pasta gorri batek inguratzen baditu ere. Baina liburu hau berriegia da bere 1131 orrialdeei kolorea aldatzen has dakien, aurten bertan sortua izan bai da. Liburua, ez idatzia. Sekula gustatu etzaidan beste kontu bat obraren izena obra hori hobeto saltzen lagunduko duen izen propio bat baino letra txikiagoz jartzea da, bai hollywoodeko aktore edo zuzendari famatuenen pelikulen karteletan, baita zenbait idazleren liburuen azaletan ere, egin ohi den moduan. Sekulako errespetu falta deritzot obrarekiko, eta beraz, obraren sortzailearekiko. Kontua gehiago saltzea da. Baina oraingoan ez dut betiko kritika antzuen espiralean erortzeko asmorik.
Roberto Bolaño. Sekula entzun izen hori, ezta, oroitzen dudala behintzat, sekula irakurri ere, FNACen liburu hau ikusi nuen arte. Portadako argazkiaren etsikeria: Lainoz beteriko zeru hori irreal bat zerumuga zuzen batek irudiaren erdia baino gehiago okupatzen duen landaretza oso urridun lur sailari lotua, goldatu berria dirudiena, edo ez, eta bertan ile beltz luzedun neska burumakur bat, zuriz jantzia, piknik egiteko erabiltzen ei diren eserleku tolesgarri merke horietako batean eserita, ikusleari bizkarra emanez. Argazkiak ez du, inolaz, portada osoa okupatzen. Ez du erdia ere okupatzen. Gorria da beste guztia, zuriz idatzitako egilearen izen abizenak eta liburuaren izenburua enmarkatzen dituen laukizuzen beltz batek goikaldean eta editorialaren izena modu berean adierazten duen beste laukizuzen askoz txikiagoko batek behekaldean desafia ezin dezaketen kolore gorriaren hegemonia bat sortuz.
Liburuaren kontraportadan, ohikoa den legez, oraindik zuri diren orrialdeetan inprimatuaren sinopsi bat eta liburuan irakur daitekeenari buruz hainbat komunikabidetan argitaratutako balorazio ezin positiboagoak irakur daitezke. Positiboegiak. Adibidez: “Lo que aquí se persigue y se alcanza es la novela total, que ubica al autor de 2666 en el mismo equipo que Cervantes, Sterne, Melville, Proust, Musil y Pynchon” (Rodrigo Fresan, Que Leer). Kritika hori beste edozein libururen kontraportadan irakurri izan banu, indarrez botako nukeen hartutako leku berera, benetan fededuna den apez batek (baldin halakorik bada) Europako estatu teokratiko bakarrak debekaturiko edozein libururekin egingo lukeen modu berean. Garbi Rodrigo Fresan delakoaren kritikan aipaturiko idazleen artetik ez dudala Cervantes baino ezagutzen, baina orokorrean etzaizkit gaur egungo kritikagintzak modu honetan goraipatzen dituen liburu garaikideak gustatzen, halakorik sekula irakurri ez badut ere.
Baina joño, honek 2666 du izenburutzat… Eta beraz ezin du txar txarra ere izan. Aber nola ziaken…
0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada