Ni, inoiz kontrakorik desira izan badut ere, ez naiz mundutarra, ez naiz edonondarra. Euskotarra naiz eta, batez ere, euskalduna. Eta onerako zein txarrerako, Euskal Herri deitzen dudan “maparen zati honetan”, kontu gehiegitan, normaltasuna ez da denboraren joana desafiatzeko gai izan denaren propietate faltsu bat baino, hitz egiteko eskubidearen jabe bakar direla uste duten lau katuren diskurtso sektarioetako errealitatearen isla distortsionatua baino. Eta hori ez da normala…
Eta egunkarietan, telebistan, irratietan, tabernetan, kaleetan edo, orain udan, hondartzetan entzun daitezkeen milaka astakeria jar nitzake adibidetzat, baina hau irakurtzeko gai den orok badaki zertaz ari naizen, inongo adibide abstrakturen beharrik gabe. Inork esan gabe ikasi eta errespetatzen ditugun balizko egia absolutuez ari naiz. Ezinezkoa bai da duela 30 urte zentzu zantzuren bat lukeen pentsaera bera gaurko errealitatean, ez integragarri soilik, baizik erabat integratutzat ulertaraztea, integrazio hori inposaketaren bitartez normaltasuntzat ulertaraztea erabat bideragarria den modu berean. Noizbait norbaitek esan omen zuen moduan, “los extremos se tocan”. Eta hainbat urtez muturreko jokabide horiek teorian defendatzen omen dituzten ideiei egiten dieten kaltearen lekuko izan ondoren, kalte hori pairatu ostean, nazka da sentitzen dudana ongien defini dezakeen hitza.
Nazka, nire identitatea bera identitate hori ukatzen dutenen odolez zikintzen dutenek, inoren hitzak epaitzeko eskubidea eta betebeharra dutela sinesten duten handiustelek, ixilik mantentzen direnen partetik jasotzen duten bazterketa sozial bera euren hitzak itsu itsuan errepikatzen ez dituztenei jasanarazi nahiko lieketenek eta, azken batean, Euskalduntasunaren paradigma direla uste duten balizko sasigudari zein sasigudarion defendatzaileek.
Eta badakit ez naizela bakarra, badakigu ez garela bakarrak, badakigu gu baino askoz gutxiago direla. Baina zuria eta beltza horren modu zehatzean banatzen dituen xake partida honetan, zaila da ikuspegi berriago baten alde, odol kolorerik gabeko ikuspegi zuri, gorri eta berde baten alde, independentziarako bidea hitzek soilik osatzen dutelako ideiaren alde, txosnetan, taberna zuloetan edo kafetegietan ahopeka botatako bi hitz baino zerbait gehiago entzutea. Zailegia. Ixilik mantentzen diren denak hala mantentzea bezain zaila ia.
Amaitzeko, eta izenburuarekin halako simetria bat eratzeko, denok dakigun kantu baten hitz batzuk:
NIK EZ DIAT INOIZ ESANGO, HIRE EGINBEHARRA ZEIN DEN, NIK ASPALDI EGIN NIAN AUKERA...
1 comentarios:
Adierazpen askatasunarengatik!
Publicar un comentario en la entrada