martes 30 de septiembre de 2008

Harrika

Baga biga higa, laga boga sega, zai zoi bele, arma tiro pun, txirristi mirristi, errena plak, olio zopa, kikili salda urrup, edan edo klik, ikimilikiliklip...

Bilbon ere minutu batek 60 segundu ditu, ordu batek 60 minutu eta egun batek 24 ordu. Leioan baina minutu batek 600 segundu, ordu batek 600 minutu eta egun batek konta daitezkeenak baino ordu gehiago izan ditzake, gogoaren, ordutegiaren, aurreko gauaren eta eguraldiaren arabera. Gaur jada atzo ere izan zela eta honezkero bihar ere badela sinetsiko nuke, ordulariak ezinezko zaidana eta ezinezko dena bakoitza bere tokian jarriko ezbalizkit.

Bai, arriskutsua da zereginik eta zeresanik ez baina zer pentsatu gehiegi duen garun aspertu bati ordenagailu aurrean aspertzen uztea.

martes 16 de septiembre de 2008

Hitz gehiago baino ez

Mierda. Gaur, kasik oraina zaidan hau betiereko etorkizun izan zitekeelako esperantza zentzugabea behin betiko ehorztea beste erremediorik ez dudan honetan, oraingoaren zeharo kontrako sentimendu batek barrena betetzen zidanetik gaurdainoko dena, izan dena, izan zitekeena, izan litekeena eta izan ez dena, oroitzea otu zait. Nola? Irakurriz.

Eta hartan nintzela, beste behin ohartu naiz egia dela irudi batek mila hitzek baino balio gehiago duelako esaera. Eta baita oroitzapen batek mila irudik baino balio handiagoa duela ere. Eta baita sentimendu batek mila oroitzapenek baino balio sakonagoa duela ere. Eta iTunes ireki, begiak itxi, eta sentitzeari ekin diot, uda oroitu baino birbizitzen.

Alferrikakoa da beraz, iragana oroitze aldera, momentuan sakontzat hartzen ditugun gaizki idatzitako lau lerdokeriak irakurtzea. Ez galdu denbora letra deritzegun marrazkitxook deszifratzen. Entzun, sentitu, bizi. Eta gero hil, estali, eta itzuli horrenbeste maite duzun egunerokotasun grisera.

Ongietorri 2008/2009 ikasturtera.