viernes 22 de mayo de 2009

Pipa baino purua hobe

Bi, hor nonbaiteko museoren batean, margolan bati beha:

-“Ceci n’est pas une pipe”…
-Sinplea, baina aldi berean badik zerbait…
-Ba nik ez diat harrapatzen, hi.
-Brilo horiek, formen sinpletasun hori…
-Ba nik ez diat harrapatzen, benetan. Pipa puta bat, sin más margotua gainera, eta azpian pipa ez dela jarrita… Ze hori jartzen dik ezta?

Luzea da galeria, marmolezkoa zorua, eta kristal ilunduzkoa beste aldeko horma. Kristaleran barrena sartzen da gela argiztatzen duen argi naturala. Bietako batek bere bibote hiletsuaren ertza kiribiltzen du, pentsakor. Besteak ez du biboterik.

-Goazemak beste galeriaren batera, hau ikusten geratzea baino hobe izango diagu eta.
-Ez duk margolariak margolanari emandako sakontasun pertsonala aintzat hartzen motel. Hitz horiek pipa ez den pipa horren azpian izan zezaketean esanahiaren sakontasuna ahanzten duk, margoaz haragoko dena arbuiatuz.
-Hi, serio ari al haiz?
-En fin…
-Ez ez, serio ari al haiz? Ze potrotaraino nagok honezkero hire oilarkeriez e! Gure sasijakintsu jauna, beti dena dakiala besteoi, ezjakin koitaduoi, aurpegiratzen…
-Goazemak beste galeriaren batera hala nahi baduk, lasai.
-Eske la ostia hi, joder.

Galeriatik irten dira, eskailera zuri zabal batzuetan barrena jaitsi dira, isilik, elkarri begiratu ere egin gabe. Burumakur bata, bestea inguruan dituen margolan denei begira, bibotearen ertza kiribilduz.

-Galdetu al diok azkenean?
-Ez, oraindik ez. Ez diat egoera behartu nahi, naturala izatea nahi diat.

Bibotea utzi eta puru parea atera du jaka marroiaren poltsikotik.

-Hartzak bat.