Lo zinen, eta, zuk jakin gabe, bizkar gainera igo natzaizu, senti ezin nindukezun moduan. Ni izan naiz orduan loaren deiari men egin eta, gorputz fisiko hau arbuiatuta, banintz litzatekeena den fantasia mugagabearen erreinura astiro, lasai, euri tanta gozo baten moduan, erori dena. Orain ez naiz lo, ez hala esna ere, inolaz. Erdaraz norabidetzat darabilgun “sentido” hitza zentzutzat itzultzerik banu zentzugabeko errepide bihurrian zialdoka nenbilke; axolagabe, begiak erdi itxita, amaituaren amaiezintasunak puztuta.
Sabaiko bi argizuloetatik sartzen den ilargi-argi urria gelako sei hormak estaltzen dituzten belusezko oihal gorrietan islatzen da, eta errubizkoa dirudizu. Ezin entzun dezaket itsaslabar garaiaren kontra jotzen duten uhinen hots bortitza. Etxe hau agian ez da itsaslabarrean egongo. Edo neu naiteke itsasoaren joan etorri indarrez beteak entzun nahi ez dituena, zure ametsak uhinon doinuaren menpe eraikitzen diren artean. Litekeena da. Agian Egutxi zen uhinak entzun nahi zituena. Agian sarrerako emakumearen asmakuntza hutsa da uhinen hotsaren kontua. Baina hori da gutxienekoa.
domingo 3 de mayo de 2009
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
0 comentarios:
Publicar un comentario en la entrada