1
Euria ari du, ia beti bezala. Etxean geratzeko sekulako tentazioa du, beti bezala, baina, beti bezala, errenditu egin da, irten da etxetik, sartu da igogailuan, jeitsi da garajera, sartu da autoan, eta irten da euritara. Lasaigarria zaio euriaren hotsa autoaren sabaian. Bilera du hamarterdietan, bilera-bazkaria hamabiterdietan, aurkezpena ongi prestatu behar du lehen bileraren aurretik. Kafe bat behar duela otu zaio bapatean, eta gero hartuko duela gero. Estresa. Estresak eragindako egonezina. Azeleragailua indar gehiagoz sakatu du, nahi gabe. Ez da azkarrago doala ohartzen. “… eta inbertsioaren epe luzerako errentagarritasuna eztabaidaezina dela kontuan hartuta, lehen uneko inbertsio indartsua zeharo justifikatua…” Bere hitzak izango direnak errepasatzen ari da. Goizeko orduotan ez da esaldi pare bat baino askoz gehiago modu koherentean botatzeko gai. Eta euriak autoaren sabaia kolpatzean ateratzen duen hotsa lasaigarri bazaio ere, aurkako eragina dute sabaira ez baina autoaren lunan erortzen diren tantek. Estresatu egiten dute, eta baita “parabrisasak” ere. Eta are gehiago sakatzen du azeleragailua, asfalto bustian. Baina ez du istripurik izan, eta iritsi da bulegoetara, eta sartu da garajean, eta aparkatu du autoa, eta igo da igogailuan, eta agurtu ditu lankideak, eta eseri da bere mahaian. Baina bilera prestatzen hasi aurretik, e-mail bat idazten hasi zaio bere emaztearen antzik ez duen maitale gazteari.
2
Euriarena kontatzen hasi zaio, nola etorri den bulegora euripean, eta nola euri tanten hotsak lasaitzen zuen, eta nola bera zuen gogoan… Eta guztia ezabatu du. Ez dio gezurrik esan nahi. Tonu positibo batean hasi da idazten orduan. Euria egin arren arazorik gabe iritsi dela lanera idatzi du, irratian arratsalderako hobetuko omen duela esan dutela… Eta eguraldiaz baino ez dela ari ohartu eta guztia ezabatu du. Lanean has liteke, bilera prestatzen. Poetiko jarri da, eta idazteari ekin dio berriz.
“Bada ontzi bat zen, ezinezkoa. Ebano afrikar beltzezkoa, gasazko hiru bela zuri motortzat, Libanoko zedrozko beste hainbeste mastiletan. Azkarra zen. Berdin zion nora zioan, batzuek diote ez zuela sekula nora zioan ere sikiera jakin, baina zihoan tokira zihoala ere, haizea bera atzean uzten zuen abiaduran nabigatzen zuen ontziak. Ebanozko proa beltz hark zorrozturiko aizto batek gurina kasu mozten zituen parean tokatzen zitzaizkon olatu denak, eta itsasoa ez ei zen neurrigabekeria hark azalean uzten zizkion aparrezko zauri zuriak hilabete batzuen buruan baino ezabatzera ausartzen. Gerta baitzitekeen ontziak bat-batean buelta hartu eta leku beretik igarotzea, alderantzizko norabidean.”
Ez du ezabatu, ez du bidali, eta wordeko dokumentu berri bat ireki du, bilera prestatzen hasteko asmotan.
jueves 12 de marzo de 2009
Suscribirse a:
Entradas (Atom)